2016(e)ko ekainaren 21(a), asteartea

AGURRA

Kaixo 6M!

Iritsi da azken eguna, iritsi da kapitulu honetan amaierako puntua idazteko momentua. Lehen Hezkuntza amaitu duzue eta agur esateko unea iritsi zaigu. Irailean abentura berri batean abiatuko zarete, zuen bizitzako kapitulu berria idazten hasiko zarete. Orain ixten duzuen kapitulu honetan ikasitako guztia praktikan jar dezazuen espero dugu. Hala ere, zailtasunak aurkituko dituzue, erronka berriak, beldur izango zarete, baina aurrera jarraitu behar duzue. Ez utzi inoiz idazteari, ez egon geldirik, bizitza aurrera doa eta egoera guzti-guztietatik saiatu behar duzue zerbait ikasten.

Ikus dezazuen zein azkar doan bizitza, hemen duzue oso adibide bikaina:


Beraz, aprobetxa ezazue aukera bakoitza, ez galdu denbora eta BIZI!!

Amaitzeko eta blog honi agur esateko, guk, azken atalean lagundu zaituztegula, zuentzat espresuki bihotz-bihotzez sortutako bideoarekin agurra eman nahi dizuegu. Gustatzea espero dugu:


Ondo segi neska-mutilak!

EUROPAKO MUSIKA EGUNA

Kaixo 6M!

Gaur, ekainak 21, Europako Musika eguna da. Ez genekien, baina Luciari esker horren berri izan dugu, ikerketa eginda eta Musika Bulegoa elkartea ezagutu dugu, musikaren sektoreko eragileen topagunea eta lankidetza-eremu irekia, eta Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musika bultzatzeko eta indartzeko asmoz sortua.

Musika Bulegoaren proiektuan barne, Musikaren balioa trasmititzeko, Anjel Lertxundik hurrengo manifestua egin du. Entzun adi!




Erakunde berdinak, bideo polita argitaratuta dauka, Miren Amuriza bertsolariak musikaren inguruan idatzitako manifestuarekin eginda. Oso istorio polita da, edukiagatik alde batetik eta bideoaren produkzioagatik bestetik.

Hona hemen manifestua:



Eta bideoa:



Zugan ba al dago musika?

2016(e)ko ekainaren 20(a), astelehena

ERREFUXIATUEN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dugu. Gutxi gehiago gehitu ahal dugu gai honetaz, dagoeneko dena esanda dago. 

Hala ere, gaurko egunean, haiena hain zuzen, zerbait utzi nahi genizuen hemen. Gure besoak eta bihotzak zabaldu nahi dizkiegu txoko txiki honetatik gure ulermena eta laguntasuna adierazteko.

2016(e)ko ekainaren 16(a), osteguna

EMOZIOAK

Kaixo 6M!

Sentimenduak eta emozioak pil-pilean dauden momentu honetan, bizitzarako baliogarria den beste gai bat ekartzen dizuegu gaur.

Ziur ez dela termino berria eta askotan entzun dugula, baita erabili ere... Baina, norbait ausartzen da emozioak zer diren azaltzen? Inside out pelikula ikusi baduzue (ez baduzue egin, gomendagarria da oso), oinarrizko emozioak gogoratuko dituzue: poza, haserrea, beldurra, amorrua eta nazka. Guzti-guztiak gurekin bizi dira, eta momentuaren arabera, hauetako baten bat agerian egoten da.




Gorago aipatu dugun moduan, gure bizitzan daude jaiotzen garenetik, eta gure nortasuna eraikitzerakoan eta elkarrekintza sozialean paper garrantzitsua betetzen dute. 

Baina, kasu egiten diegu geure emozioei? Arreta jartzen dugu ulertzeko zer esan nahi diguten? Denbora gehiago eman beharko genioke horri, ez duzue uste? 

Horretarako existitzen da adimen emozionala, pertsona batek era orekatuaz emozioak eta sentimenduak adierazteko eta besteenak ulertzeko trebezien multzoa. Erreza dela uste duzue?






Aurreko irudian isladatzen den moduan, Adimen Emozionalaren trebetasunak dira emozioak hautemateko gaitasuna, emozioak ulertzeko gaitasuna eta emozioak adierazteko trebetasuna. Baina mundu guztiak ez daki emozioak maneiatzen, hori ere ikasi egiten da, eta ez egun batetik bestera. Horretaz aparte, ez uste umeen kontua denik bakarrik, nagusiona ere bai. Ez da lan erreza emozioak behar bezala hautematen, erregulatzen eta ondo adierazten. Denbora dexente eskaini behar zaio. Hemendik zer edo zer landu dugu ikasturtean zehar, batez ere zuen arteko gatazkak bideratzen laguntzeko.

Kontuan izan behar dugu ez garela bakarrik bizitzen eta besteekin elkarbizi behar dugula. Zaila da, batez ere emozioek (interpretagarriak direnak) parte hartzen dutenean. Erresilientzia kontua landu genuenean, azaldu genuen guztiok ez dugula berdin jokatzen egoera berdinaren aurrean. Berdina gertatzen da emozioekin, eta gure ingurukoenak kontuan izan behar ditugu. Beharbada ez ditugu ulertzen, baina onartzen ikasi behar dugu. Geure emozioetatik hasi eta besteekin ditugun elkarrekintzetan emozioek nola eragiten diguten aztertu behar da.

Ohartu behar dugu ere bai inportantea dela jakitea zer dagokion geure buruari, zeri eman behar diogun garrantzia eta denbora. Hori argi izango bagenu, hobeto joango zitzaigun guztia. Prestatutako bideoa argiago azaltzea eta horretatik martxan jartzeko ondorioak atera ditzazuen espero dugu .






Sarrera amaitzear dago eta zuekin barre egin nahiko genuke, horregatik, gaurko gaiarekin eta aipatutako filmarekin zerikusia duten bi laburmetrai partekatu nahi ditugu. Agian ikusita dauzkazue (filma ikusi duzuenok azkena ezaguna egingo zaizue), baina horrela ez bada, disfrutatzea espero dugu:









Seguru aski guztiok ikusi dugula gure burua bideo hauen eszenaren batean isladatuta, eta norbaitek zer edo zer komentatu nahi badu, aukera aparta dauka orain guztiokin partekatzeko. Bestela, badakizue iruzkinak utz ditzakezuela.

Bukatu aurretik, aholku bat: nahiz eta orain ez diezuen garrantzirik ikusten gai hauei, DBHra joaten zaretenean, jakin dezazuen blog hau zabalik jarraituko duela eta hona jo dezakezuela nahi duzuen bakoitzean. Hemen sortu dugun guztia zuentzat da eta eskuragarri izango duzue.

Ondo segi!

2016(e)ko ekainaren 15(a), asteazkena

HOMOFOBIA

Kaixo 6M!

Lehen berri polit bat aurkeztu badizuegu ere, oraingoan asteburuan gertatutako oso berri triste batekin gatoz... Azken bolada honetan, gelan homofobiaz aritu gara behin baino gehiagotan eta horrekin dago lotuta albistea.

Homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu zen, eta festan zebiltzanen kontra tiro egin zuen 29 urteko gizonezko batek, rifle bat eskuetan. 50 hildako egon ziren eta zauritu asko. Poliziak ere tiro egin zuen, eta erasotzailea hil zen tiroketan. Hau EEBBetan gertatu da, Orlandon konkretuki.

Ikusten duzuenez, berriro ere eredu txarra baino txarragoa dugu eraso homofobo hau. Horregatik, hemendik biztanle zibilen aurka egindako edozein motatako eraso, terrorismo edo homofobia adierazpen gaitzestu nahi dugu, baita Orlandon jazotako erailketak direla eta dugun haserrea eta amorrua, eta biktimenganako eta senideenganako elkartasuna adierazi nahi ditugu ozen baino ozenago.


GERTUKO EREDUA

Egun on 6M!

Sarritan aipatu dugu errefuxiatuen kontuaz zer egin genezakeen... Hemendik oso gertu antolatu den ekintza partekatu nahi dugu zuekin:



Zorion beroenak eman nahi dizkiegu hemendik lasterketan parte hartu duten neska-mutil guztiei eta ekintza aurrera eramateko posiblea egin duten horiei guztiei.

Lan bikaina egin duzue!!

ZORIONAK BIHOTZ-BIHOTZEZ!!

2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

KOMUNIKAZIOAREN GARRANTZIA


Kaixo 6M!

Natura arloan ikasi duzuen moduan, izaki bizidunen bizi funtzioen artean erlazioarena dago. Erlazio funtzioa, ingurunetik informazioa partekatzen eta interpretatzen datza, hau da, komunikazioak garrantzi handia dauka erlazioak garatu ditzagun.

Honekin lotuta dauden galdera batzuk egin nahi dizkizuegu: zer da komunikazioa zuen ustez? Era ezberdinetako komunikazioak al daude? Gauzak adierazteko moduak garrantzirik al du?

Sarrera honetan landu nahi duguna ez da gai berria zuentzat. Zuen familiek, irakasleok eta zuek zeuek ere ildo honetatik jo dugu aspalditik (eta, tamalez, jarraituko dugu ez duzuelako behar bezala egiten...). Askotan aukeratzen duzuen komunikatzeko era ez da egokiena eta ez duzue tratu ona ematen ezta jasotzen ere...

Suposatzen da hurrengo eskema, komunikazioarena hain zuzen, noizbait ikasi behar izan duzuela, baina baten bati ahaztu bazaio, gogorarazten dizuegu:




Agerian dago komunikazioa ez dela bakarka egiten den ekintza, bi pertsonek edo gehiagok hartzen dute parte. Hau Michel de Montaignek oso ondo azaldu zuen: "Hitzaren erdia esaten duenarena da eta beste erdia entzuten duenarena."

Komunikazioan gure jarrerak pisu handia dauka. Ikus dezagun zenbat komunikazio mota dauden jarreraren arabera:




Bazenekiten zeintzuk ziren komunikazio mota ezberdinak? Zuen ustez, zein da hoberena? Zuen burua isladatuta ikusi duzue? Zeinekin? Aukeraketa egokia da?

Aurreko bideoan ez da azaltzen zer den komunikazio efektiboa, horretarako, hurrengo bideoaren bitartez saiatuko gara ulertarazten.




Nahiz eta hitza erabili, guztiek ez dute lortzen helburua betetzen. Zergatik? Jarreran zentratzen bagara, nolakoa izan da komunikazioa kasu bakoitzean? Zein animaliak lortzen du komunikazio efektiboa izatea? Eta zelan egiten du?

Gogoratu behar dugu hitzik gabeko komunikazioa ere existitzen dela, eta oso inportantea dela ere bai, informazio asko adierazten baita beste modu batez: begiradaz, keinuez, gorputzeko jarreraz... Ikusi eta aipatu dugunez, gauzak nola adierazten ditugun eta hitzik gabeko komunikazioa oso garrantzitsuak dira, komunikazio efektiboa lortu nahi izanez gero, noski! Gure jarrera egoerari egokituta ez badago, edo esandakoarekin bat ez badator, gure helburua ez da burutuko, edo burutuz gero, bidean, beste gauza batzuk galdu ditzakegu: lagunak, besteak beste.

Espero dugu gaurko saioan zer edo zer ikasi izana, bizitzarako baliogarria izango den beste tresna bat lortu izan dezazuen eta komunikatzerako eraren inguruko hausnarketa egin dezazuen.


2016(e)ko ekainaren 7(a), asteartea

TAMALEZ, BERDINTASUNIK EZ...

Kaixo 6M!

Suposatzen dugu atzo planteatzen genuen zalantza argitu egin dela jakingo duzuela dagoeneko. Denetik entzun da prentsan eta sare sozialetan eta aukera guztiak izan dira defendatuak eta kritikatuak. Baina zaratatsuena gabarra ateratzearen aldekoa izan da zalantzarik gabe, online sinadura bilketa eta guztiz! Nahiz eta mugimendu nabaria gabarra ateratzeko aldarrikatu eta eskatu izana, ezetza eman du Athletic-ek.

Aukera paregabea izan da berdintasunez jokatzen dugula eta desberdinak garela munduari erakusteko, baina azken hitza ez da espero genuena izan. Galdu dute aukera aparta, penagarria benetan... Argi dago geure gizartea matxista hutsa dela, lotsagarria eskoletan eta geure bizitzan horren kontra borrokatzen saiatzen garenenontzat.

Hala eta guztiz ere, garaipena ospatzeko mutilek iaz Superkopa irabazi zutenean bezalako ekitaldiak antolatu dira gaurko. Horrela argitaratu zuen atzo Club-ek:




Gabarra itsasadarra zeharkatzen ikusteko gogoekin geratuko gara, baina espero dugu Bilbo eta Bizkaia osoa zurigorriz tintatzea eta neska txapeldunek behar duten errekonozimendua jaso dezaten.


Hona hemen La Sexta telebistak egindako aldarrikapena:



Baietz borobila hemendik, noski merezi duten!!

AUPA NESKA TXAPELDUNAK!

2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

NESKA TXAPELDUNAK!!!

Egun on 6M!

Ikasturte honen zehar, askotan landu dugu berdintasunaren gaia eta teoria ondo dakigu, gizonak zein emakumeak egoera beraren aurrean aukera eta eskubide berdinak izan behar ditugula, alegia. Baina tamalez beti ez da horrela izaten, asteburu honetan eredu argia izan dugu.

Atzo Athletic Club-eko emakumezkoen taldeak Ligako txapelketa lortu zuen, 5. txapelketa, 2003, 2004, 2005 eta 2007 urteetan lorturikoei gehitzen zaie aurtengoa. Hau bai eredu aparta! Gora gure jokalariak!

Ospatu behar dugu atzo bizi izandako lorpena, oso gaitza baita horrelako tontorrera heltzea eta batek daki noiz izango dugun hurrengo aukera... Agian datorren urtean emakumezkoen Champions League-n! ;) Beraz, antolatzen diren ospakizunetan parte hartu behar dugu mutilek Superkopa lortu zutenean egin genuen moduan, gure neskak Superligako txapeldunak baitira!

Ospakizunekin batera, berdintasunaren kontua dator: afizioa garaipena ospatzeko gabarra ateratzea eskatzen ari da. Dakizuenez, gabarra ateratzeko baldintza liga irabaztea da (hori izan zen behintzat aitzakia iaz ez ateratzeko, mutilek Supercopa irabazi zutenean) eta hori da, hain zuzen, Athletic-en neskek lortu dutena. Ea erabakia hartzea dagokienei berdintasunaren alde jokatzen duten, behar bezalako errekonozimendua egiten dieten eta neskak gabarra gainean itsasadarra zeharkatzen ikusten ditugun, txapeldunek horrelako omenaldia merezi baitute, berdin dio neskak zein mutilak izan!

AUPA ATHLETIC SUPERTXAPELDUN!!!






Baina hau ez da asteburu honetako lorpen femenino bakarra. Larunbatean Garbiñe Muguruzak teniseko Roland Garros txapelketa famatua irabazi zuen, munduko jokalaririk onena den Serena Williams garaitu ondoren eta munduko jokalaririk onenen arteko bigarren postua lortuz 22 urte izanik. 



Duela hilabete batzuk ere, Espainiako gimnasia erritmiko taldeak zinta modalitatean urrezko domina irabazi zuen munduko txapelketan eta zorigaitzez ez zaio garrantzirik eman, lehen mailako kirola ez izateagatik eta gainera emakumezkoena!


Hemendik, neska txapeldun hauek guztiei omenaldia egin nahi diegu eta behar bezalako errekonozimendua jasotzea espero dugu.

ZORIONAK NESKAK!

2016(e)ko ekainaren 3(a), ostirala

ERRESILIENTZIA

Kaixo 6M!

Aste honetan bizitzarako oso garrantzitsua den tresna bat aurkeztu nahi dizuegu: erresilientzia.

Inoiz entzun duzue hitz hau? Zuetariko baten batek ba al daki zer esan nahi duen edo zertarako balio duen? Beharbada horrela ez duzue inoiz entzun, baina jarraian emango ditugun azalpenekin konturatuko zarete eskolan eta familian ildo horretatik goazela askotan arazoei Aurre egiteko.

Lehenengo bideoari ekingo diogu zuzen, zuen ikuspuntuak kutsatu ez daitezen, eta gero komentatuko dugu ea zertxobait ulertu eta ikasi dugun...



Bideoan agertzen den moduan, gizartean, arrisku-egoerak edo esperientzia larriak eta traumatikoak jasaten dira. Horien aurrean, pertsona askok, gaixotasunak pairatzen dituzte. Ostera, zenbaitek egoera gainditzen dute eta askotan indartuak ateratzen dira esperientzia horietatik. Baina, zorigaitzeko faktore horien aurrean, zergatik ez dira pertsona guztiak gaixotzen haien egoerak parekoak izanik? Erresilientziari esker.

Orain erantzun ditzakezue aurreko galderak? Zuen iritziz, denok gara edo izan ahal gara erresilienteak? Zer landu beharko genuke gure erresilientzia maila igotzeko?

Bideoan pertsona baten bizitzaren ziklo osoa aurkezten zaigu, bere momentu onak eta txarrekin. Momentu ezberdin guztietatik ikas daiteke gure erresilientzia hobetzeko. Iraganean, pentsatzen zen erresilientzia genetikoki transmititzen zela. Hori dela eta, ez zen erresilientziaren garapena sustatzen. Gaur egun, ordea, nahiz eta genetikaren garrantzia hor egon, jakin badakigu, erresilientzia landu daitekeela; eta egiten bada, arazoei aurre egiteko trebetasun gehiago izango dugu eta hauetatik indarberrituta aterako gara.

Aipatu eta sailkatu ditzakezue bideoan agertzen diren momentu gaitz horiek eta bertan ikasten dena?

Oraindik argi ez badaukagu erresilientzia zer den, hurrengo bideoa lagungarria izan daitekeela uste dugu:



Argiago daukazue orain zertan datzan erresilientzia? Baten batek behar badu terminoaren definizioa, hona hemen duzue: zorigaitzeko faktoreen aurrean egoera gainditzeko gaitasuna da. Ezinbesteko trebetasuna da.

Eguneroko esperientzietan ditugun aukera apartengandik indartuak ateratzea espero dugu!

Irudi batekin bukatu nahi dugu gaurko gaia interesgarri eta aberasgarria izan delakoan



Asteburu ona izan!

2016(e)ko maiatzaren 28(a), larunbata

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo 6M eta jarraitzale horiek!!

Gaurko egunak sarrera berezia merezi du, Jolasaren Nazioarteko eguna da eta. Jolasa bizitza da eta bizitza jolasa da.

Ba al dakizue nondik datorren Jolasaren Nazioarteko Egunaren jatorria? 1998an sortu zen, Ludoteken Nazioarteko Elkartearen (ITLA International ToyLibraryAssociation) eskutik, eta FridaKim elkartearen lehendakariaren ekimenez. Maiatzaren 28a aukeratu zuten, Elkartea egun horretan eratu baitzen.
Jolasa munduko gizarte eta kultura guztietan agertzen den giza jarduna da. Besteak beste, inteligentziaren, afektibotasunaren, sormenaren eta soziabilitatearen hazkunde orekatua ahalbidetzen eta errazten du, hortaz, pieza giltzarria da norbanakoaren garapen integralerako.
Jolasteko ekintza entrenamendu ona da gaitasun sozialak garatzeko; elementu ludiko bat baino gehiago da. Oinarrizko aspektua da jokabidea osatzeko, jolasean aritzen garenean garen moduan agertzen baikara. Jolasean berez eta espontaneoki azaltzen gara.
Jolasa tresna baliotsua da, gizarte hobe bat sortzeko, norbanakoen artean komunikazioa sustatuz, komunitate bateko norbanakoen harremanetan sakonduz, eta aurkakoak diren jarrerak berradiskidetuz.

Ikusten duzuenez, onura ugari ditu jolasak, beraz, jolas gaitezen!!!


Jakintsua benetan 5 urteko neskato hau!!

Jarraian bideo bi luzaten dizkizuegu, edozein adinetan jolasaren garrantzia azaltzen dutena:






Abesten amaituko dugu gaurko sarrera, alde batetik Amets Arzallusen jolasteari buruzko bertso batekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ahotan. Eta bestetik, gure atzoko bertsoa, Unairi esker osatu genuena!! Esker mila Unai!!




Inoiz ez utzi jolasteari.

GORA JOLASA!!

2016(e)ko maiatzaren 26(a), osteguna

ASKATASUN BEGIRADETAN SAKONDUZ

Kaixo 6M!

Pasa den astean oso ondo landu zenuten proposatutako gaia. Egia esan, espero genuen baino askoz hobeto. Oso poztu gintuen zuen erantzunak entzuteak, normalean, zuen adinarekin, oso ezberdinak izaten baitira. Zoriontzekoa da zuenak hain naturalak, askeak eta errespetuz beterikoak izatea.

Gaur jarraitu nahi dugu aipatu zen errealitate pare batekin. Alde batetik homosexualitatea eta bestetik, oso arrunta ez dena, baina bai oso zaila onartzeko eta errespetatzeko: transexuala izatea, hain zuzen.

Azken gai hau, orain dela gutxi arte, tabu izan da eta wikipediak horrela definitzen du:

"Transexualismoa edo transexualitatea nortasun sexuala anatomia sexualarekin bat ez datorrelaren jokaera da. Emakume transexuala gizon anatomiarekin jaiotzen dena da; gizon transexuala, berriz, emakume gorputzarekin jaiotzen dena, gizon sentitu arren. Hau da, bere sexualitate psikologikoak bereizten du eta ez bere anatomiak. Hori dela-eta, pertsona transexual batzuek genitalak beren sexu psikologikora egokitzeko ebakuntza egiten dute."

Azken bolada honetan hainbat familia borrokatzen egon da (eta badago) euren seme alaben eskubideak errespeta daitezen. Horregatik sortu da Chrysallis, haur transexuelak dituzten gurasoen elkartea, duela oso gutxi gai hau eskoletan lantzeko txikiei zuzendutako material didaktikoa aurkeztu duena.

Beti bezala, irudi batek mila hitz baino gehiago isladatzen du, eta bideo batek askoz ere gehiago, horregatik lehenengo bideoari ekingo diogu:





Hasiera batean txantxa izan daitekeena (Mario "mozorratuta" joatea eskolara), gai serio baino serioagoa bihurtzen da. Zer iruditu zaizue?

Azter dezagun planteatzen den egoera:

Zelan uste duzue sentitzen dela Mario? Zelako mezuak jasotzen ditu? Baten batekin ongi senti daiteke? Argi dago Santosen jokaerarekin ezin dela ondo sentitu, eraso zuzena egiten diolako. Baina Elenitaren hitzekin? Laguntzeko nahian esaten dio, besteak beste, ezin dela neska baten moduan jantzi ilegala baita eta mutilak ez direla neskak bezala janzten... Lortzen du laguntzea?

Zer deritzozue gurasoen jokaerari? Ama zuzenean ez da agertzen, baina umeak kontatzen du atzazalak margozten uzten diola; aita, berriz, lotsatu egiten da, begibistan dago. Zein da, zuen iritziz, hobeto laguntzen duena?

Demagun egun batean horrelako zerbait gertatzen dela zuen ikaskide batekin. Nola jokatuko zenukete? Santos bezala? Elenita bezala? Edo ba al dago beste jokabiderik?

Goazen bigarren bideoa ikustera:





Demagun zuek gurasoak zaretela eta zuen semea ez dela mutila sentitzen, neska baizik. Zer egingo zenukete? Zer deritzozue amaren jarrerari?



Ez diogu sarrerari amaiera eman nahi hurrengo bideoa elkarbanatu gabe, ikus dezagun:





Bidezkoa al da sentimenduak izkutatu behar izatea ingurukoak ez direlako toleranteak izaten? Orain teoria guztia badakizue, praktikan jarri behar izanez gero, jokabide zuzena aukeratzea espero dugu eta horrela lortuko dugu homofoboak baztertuta senti daitezen!!

Asteburu ona izan!

2016(e)ko maiatzaren 22(a), igandea

2016ko ZIBA SOLIDARIOA

Kaixo guztioi!

Gogoratzen duzue duela hilabete Gergoriren proiektua ekarri genizuela? Ba txapeldun hau aurrera doa eta Frantzia zeharkatu ondoren, Italian dago jada!!

Pasa den astean, Onda Vasca irratian egin zioten elkarrizketa bat abenturaren bitxikeri asko kontatzen dituena. Hona hemen lotura entzun ahal izateko.



Horretaz aparte, bere blogean etapak azaltzen ditu oso ondo astero-astero.

Proiektua aurkeztu genuenean, azaldu genizuen ikastolarekiko loturaren zergatia: 2016ko ziba eguna. Hona hemen datorren ikasturteko zibaren diseinua eta Gergoriren argazki batzuk kamiseta solidarioarekin.


Hondarribia (Frantzia)

Cannes (Italia)

Ziba bezala, Polarisen pedalak biraka dabiltza etengabe Europan zehar helburu zoragarri batekin: Gorkhan dagoen eskola berreraikitzea eta hango umeek duintasunez ikasi ahal izatea.

Besarkada erraldoia 6Mtik!

Eutsi goiari txapeldun!!

2016(e)ko maiatzaren 19(a), osteguna

(H)U(N)KITUTA

Kaixo 6M!

Gaurko ekarpenak lotura estua dauka pasa den astekoarekin. Besterik gabe, ikus dezagun bideoa:



Ziurrenik bat baino gehiago ukituta eta hunkituta gelditu da... Normala da, geu ere bai, ez uste... Agian ez zaigu nabaritzen, kontua da abantaila daukagula, guk aldez aurretik ikusita baititugu ekartzen dizkizuegun bideoak.

Irudikatuko zenukete norbaiten desioa haizeak aurpegian jotzea izan zitekeela? Edo ilusioa mantentzea eta eguneroko gauza txikiez gozatzea? Edo paseo bat eman ahal izatea loreez disfrutatzen? Edo... 

Bideoaren hasierako pertsona izango bazina, zelako erantzuna emango zenuke zuk bigarren partea kontuan hartu gabe? Eta... kontuan hartuta? Berdina ez izatea espero dugu...

Uste dugu joan den asteko mezua argi gelditu zela baina gaurko bideoaz hausnartzen badugu, geure ustez ez da zalantzarik geldituko eta geure helburua ozen baino ozenago ahoskatu nahi dugu: baloratu gauza txikiak, falta direnean handi bihurtzen dira eta! Ez itxaron gehiegi, aprobetxatu edozein gauza txiki gozatzeko, inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen bihar. CARPE DIEM!!

Baten bati oraindik ere zalantzarik gelditzen bazaio, hurrengo bideo honekin argituko zaio guztia!




Amaitu baino lehen, esperimentu bat egin nahi dugu. Ea zelan ateratzen den...

Gaur ikusi eta ikasi dugun guztia kontuan izanik, espero dugu hobeto baloratzea daukagun GUZTIA. Zorte handikoak gara, ez izan inolako zalantzarik...

Asteburu ona izan!

2016(e)ko maiatzaren 17(a), asteartea

INTERNET NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo berriro!

Gaur ere Internet Nazioarteko eguna da. Ospatzekoa da, tresna baliogarria baita. Berari esker sarrera hau ikus dezakegu, adibidez. Baina kontuz ikasi behar dugu erabiltzen, emandako aholkuak kontuan izanik.

Hona hemen denbora-lerro batean Internetek izan duen eboluzioaren bideoa:




Ikusten duzuenez, Historian bezala, urratsak gero eta handiagoak dira eta gero eta azkarragoak!

Batek daki zeuen artean hurrengo Bill Gates dagoen!!

ASKATASUN BEGIRADAK

Kaixo guztioi!

Sarreraren izenburua irakurrita eta kartela begiratuta, ondoriorik ateratzen al duzue? 

Zer dakusazue kartelean? Zerbait "arraro" somatzen duzue? Ondo aztertu...


Ez baduzue ezer "arraro" somatzen, askoz ere hobeto, horrek esan nahi du askatasun begiradak dituzuela eta genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen duzuela. 

Zergatik ekarri dugu? Gaur Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna delako. Duela gutxi Gazteen Euskal Behatotiak egindako ikerketa baten arabera, Euskadiko gazteak gero eta toleranteagoak dira. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 92 ez daude ados “funtsean homosexualitatea gaixotasun bat da eta horrela tratatu behar da” dioen esaldiarekin; bakarrik % 3 azaldu dira ados esaldi horrekin. Adostasuna jaitsi egin da azken lau urteotan, 2012an % 6koa baitzen.

Izan ere, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna maiatzaren 17an ospatzen da 1990 urteko egun horretan Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen sailkapenen eskuliburutik kendu zuelako homosexualitatea.

Harrigarria, ezta?

Are harriagarriagoa bideo honetan plazaratzen diren datuak, adi egon!



Espero zenuten horrelako nerriak existitzen zirenik? Zer deritzezue?

Amaitzeko, pentsakor utziko zaituzten bideo bat luzatzen dizuegu, EEBBetan iaz grabatutako esperimentu soziologikoa da, San Valentín ospatzeko egin zuten. Oraingo harridura onerako izatea espero dugu.



Toleranteak izan, askatasunez begiratu, ez epaitu azalaren koloreagatik, ideiengatik edo maitasun harremanengatik. Ekintzak epaitu: pertsona ona izaten bada ala ez, fidagarria bada ala ez, besteak laguntzen baditu ala ez, maltxurra izaten bada ala ez...

Bizitza ez da gorrotatzeko, disfrutatzeko baizik!!


Leirek elkarbanatutako irudiarekin agurtzen zaituztegu. Eskerrik asko!! Zoragarria da!


Ondo ibili!!

2016(e)ko maiatzaren 12(a), osteguna

HAUR OSPITALIZATUEN EGUNA

Kaixo 6M!

Gaur ekartzen dizuegun gaia Whatsapp-ez jaso genuen pasa den astean eta zuekin elkarbanatu nahi dugu. Haur ospitalizatuen eguna aldarrikatzen da gaur. Horretarako bideo bat sortu dute hainbat erakundek, ikusiko dugu, baina ikusi ahala pentsa ezazue zergatik ekarri dugun, zein helbururekin.



Bideoa ikusita, bururatzen zaizue zein izan daiteken gaurko asmoa? Zer ikasi ahal dugu hemendik?

Gai honekin lotuta, gogora etorri zaigu duela gutxi irakurritako albiste bat. Berria egunkariak zakarren "Bestelako normaltasun bat" izenburuarekin. Bertan sakatuz gero, aurkezten diren andereño "berezien" kasuak aurkituko dituzue: lehenak zirkuan egiten du lan zirkuko umeei klaseak ematen karabana batean; eta beste kasuan, gaurko gaiarekin lotura estuagoa duena, Barakaldoko bi andereñoena (Begoña eta Itziar), Gurutzetako ospitalean ematen dituztenak klaseak.

Uste baino ume gehiagok igarotzen ditu denboraldi luzeak ospitalean. Joan zen 2014-2015 ikasturtean, Euskadiko 2.134 ikaslek, osasun arrazoiengatik eta ohiko ikastetxera joan ezin zirela eta, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren bidez jaso zuten hezkuntza. Horietan gehienek, 1.873 ikaslek, ospitale-eskoletan jaso zuten hezkuntza-arreta, 207 ikaslek euren etxean bertan, eta gainerako 54k Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroetan. Orotara, hezkuntza arloko 127 profesional arduratu ziren eurez. 

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak “Ospitalerako ipuinak” 7 liburu argitaratu zituen iaz ospitaleratuta dauden umeei zuzendua. Ipuin hauetako zenbait dagoeneko erabili dira Euskadiko ospitale-eskoletan (Txagorritxu, Santiago, Gurutzeta, Basurto eta Donostian). Lagungarri zaizkie ospitaleratuak dauden haurrei mediku-tresneria nahiz jasotzen ari diren tratamendua hobeto ezagutzeko, euren gaixotasuna ulertzeko eta gertatzen ari zaiena hitzez azaltzeko. 

Gaur eskuartean dugun gaiaren inguruko euskarazko bideorik ez dugu topatu, baina jarraian txertatzen ditugun bi hauek oso ondo irudikatzen dute zelakoa den haurren egoera ospilateetan.

 



Zerbait berria ikasi izana espero dugu!

Asteburu ona izan!



2016(e)ko maiatzaren 5(a), osteguna

NORBERAREN MOTXILA

Kaixo 6M!

Ikasturtea aurrera doa baina kontu asko ikasteko dituzue oraindik, are gehiago aste honetako jarrera batzuk ikusita... Guk jarraitzen dugu ekarpen aberasgarriak bilatzen zuekin baloreez hausnartzeko eta ikasketaren bat egin dezazuen. 

Gaurko saioan, ez zaituztegu baldintzatu nahi eta sarrera honetan ez dugu informaziorik emango. Bakarrik entzun nahi dugu, izenburua irakurrita, zer datorkizuen burura eta zertan datzala uste duzuen. Hau da, hipotesiak egingo dituzue. Gero, bideoa amaitu ostean, konprobatuko dugu baten batek asmatu duen...




Orain egiazta dezakegu norbaiten hipotesia bete egin den. Ikusi ahala susmatzen zenuten horrela amaituko zela bideoa?

Zergatik izenburu hori? Ulertzen duzue ikusitakoarekiko loturarik? Altza eskua edo utzi zure iruzkina idatzita! Ongi etorriak izaten dira beti!

Argi dago pertsona bat epaitu baino lehen, pertsona horrek atzean duen guztia jakin beharko genukeela, ezta? Askotan ez dakigu eta ez dugu zertan jakin behar ere; beraz, kontuz ibili beharko genuke esaten eta egiten dugunarekin, guzti-guztiok motxila bat aldean daramagulako, batzuk beteago beste batzuk baino, baina azken finean, bakoitzak dauka berea. 

Gaurko sarrerarekin espero dugu kontu batzuen ikuspuntu zabalagoa izatea eta besteen egoerak modu desberdinean ikustea, enpatia handiagoa izatean, alegia.

Asteburu ona izan!


2016(e)ko apirilaren 28(a), osteguna

DENDAKO GIZONA

Kaixo guztioi!

Azken urteotan kanpaina asko ikusi ditugu telebistan edo kalean, supermerkatuetan edo ikastolan bertan, behar handiak dutenei laguntza emateko eskaerarekin. Janaria, arropak, dirua... oso garrantzitsuak dira baina, horrekin bakarrik lagundu dezakegu? Ba al dago beste modurik? Baietz asmatu...

Bai horixe! Bolondresek euren denbora ematen dute ekintza guzti hauek, eta hainbat gehiago, egia bihur daitezen.

Behin hausnarketa hau irakurri nuen:

"Eman eskerrak bere denbora ematen dizun horri, bere bizitzan berreskuratu ezin duen gauza bakarra ematen dizulako."

Zer deritzozue? Inoiz egin duzue gogoeta horretaz? Justuak izaten gara eta laguntzen gaituzten pertsonei merezi duten moduan eskertzen diegu laguntza hori? Nola egiten dugu?

Gaurko bideoa gauzak musu truk egitearen garrantziari buruzko oharpen bat da. Denborak jartzen gaitu gure tokian eta ematen dugunaren bikoitza edo hirukoitza itzultzen digu. Garrantzitsuena ez da gauzen balio materiala, beste pertsona bat laguntzen edo gu lagunduta izatean sentitzen duguna baizik.




Zer deritzozue gizon gazteak egindakoari? Bazekien berak norentzat zen tarta hura? Nola sentitu da gizon gaztea neskatxoari tarta eta nota ematean? Eta gizon zaharra gauza biak jasotzean? Inoiz egon zarete honen antzeko egoera batean? 

Orain dela urte asko oso pertsona garrantzitsu batek hauxe esan zuen: 

"Irribarrea dohanik da baina eragin handia du, 
jasotzen dutenak aberasten ditu 
ematen dutenak txirotu gabe. 

Une bat baino ez du irauten, 
baina bere oroimena, 
batzuetan, betiko da. 

Inor ez da jasotzeari uko egiteko bezain aberatsa, 
edo ez merezitzeko bezain txiroa. 

Zoriontasuna sortzen du etxean, 
laguntzen du lanean, 
laguntasunaren ikur ezin hobea. 

Irribarre batek nekatuari atsedenaldia ematen dio, 
eta deprimituenei adorea. 

Ezin da erosi, utzi, edo lapurtu, 
ematen den unera arte ez baitauka baliorik. 

Inoiz topo egiten baduzu 
irribarre egiten ez dakien batekin, 
izan zaitez eskuzabala, eman zurea, 
inork ez baitu irribarre baten behar handiagorik 
besteei ezin dienak eman baino." 

 Noren hitzak izan al dira aurrekoak? Anima zaitezte eta saia zaitezte asmatzen eta iruzkin batean  izena uzten. 

Beti bezala, zuen ekarpenak eta gogoetak ongi etorriak izango dira iruzkinen atalean.

Asteburu ona izan!


2016(e)ko apirilaren 24(a), igandea

HITZIK GABEKO LABURMETRAIA

Kaixo guztioi:

Hurrengo laburmetraian ez da hitz bat ere ahoskatzen, baina ez dugu behar oso adierazgarria baita. Ikusi arretaz eta geroago komentatuko dugu hitzik gabe esaten den guztia...

2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

12.000 KM BIZIKLETAZ

Kaixo guztioi:

Lehen aurreratu dizuegun moduan, hemen aurkezten dizuegu proiektu solidario ikaragarri bat: 12.000 km bizikletaz Santurtzitik Nepalera! Abentura abiatuko da igande honetan eta aurrean ia urte bat helburua lortzeko. Miragarria benetan mutil honen ekimena. Dena utziko du, bere familia, lana, lagunak... munduko beste puntan dagoen herri bateko eskola bat berreraikitzeko. Aupa Gergori!!



Proiektuak "Una pizarra para Gorkha" du izena eta alboko zutabean, jarraitzen ditugun blogen artean, lotura jarrita dago nahi duenak jarraitzeko. Bertan joango da argitaratzen zelan doakion abentura eta argazkiak partekatuko ditu. Proiektuaren hainbat informazio eta datu biltzen dira ere bai. Begirada bat botatzen animatzen zaituztegu. Noizbehinka hemendik ere jarraipena egingo diogu, noski!

Zergatik ekartzen dizuegu proiektu hau? Gergori eskolako laguna izateaz aparte, datorren ikasturteko Ziba egunarekin lotuko dugulako bere proiektua eta zibaren kamiseta solidarioa bidaian zeharkatuko dituen herrialdeetatik eramango du jantzita.

Azken egunotan ospetsua bihurtu da Gergori eta hainbat komunikabideetan agertu da. Irudietan sakatuz gero, elkarrizketetara bideratuko zaituzte.


Amaitzeko, EITBko "Más de tr3s millones" saioaren erreportaia luzatzen dizuegu. 




Alkartutik besarkada handi bat eta animo guztia bidaltzen dizkizugu. Eutsi goiari txapeldun!!

2016(e)ko apirilaren 21(a), osteguna

NAZIOARTEKO LIBURU EGUNA


Kaixo neska-mutilok:

Dakizuenez, gertu dugu liburu eguna. Baina, zer dakigu liburuaren historiari buruz? Liburuaren historia luzea da oso, izan ere Aro modernoan Johannes Gutenbergekin hasten da XV. mendean. Berak inprenta asmatu zuen eta paperez argitaratu zen lehenengo liburua Biblia izan zen.

Azken urteotan, Internetek protagonismoa kendu dio liburu tradizionalari, eta hainbaten ustez paperezko formatua desgertzeko arriskuan dago. Hala ere, urtero milaka liburu argitaratzen dituzte oraindik.

Jarraian egunaren jatorria plazaratzen dugu: apirilaren 23an ospatu ohi da Liburuaren Eguna, zehazki, “liburuaren eta autore eskubideen nazioarteko eguna”. UNESCOk apirilaren 23a "Liburuaren eguna eta egile edo autore eskubideen eguna mundu osoan" izendatzea erabaki zuen 1995. urtean, data horretan Miguel de Cervantes y Saavedra idazlea,William Shakespeare idazle ingelesa, eta Garcilaso de la Vega kronistaren heriotza (kasu guztietan 1616. urtean) gertatu zela oroitzeko. Baina hau ez da egia borobila, ez. Cervantes 22an hil egin zen, baina hurrengo egunean lurperatu zutenez, 23a hartu zen heriotza datatzat. Shakespeareren kasua okerragoa oraindik, juliotar egutegiaren arabera 23an hil zen, bai, baina gure egutegian (gregoriotarrean) maiatzaren 3an gertatu zen heriotza. Kuriosoa, ezta?

Guztiok dakigu zer inportantea den irakurtzea baina besteekin partekatzea irakurritakoa oso garrantzitsua da. Horregatik, hemen, ikastolan, solasaldiak antolatzen ditugu. Baina etxean, familiarekin ere partekatu ahal da irakurketa. Jarraian erantsitako bideoak oso ondo azaltzen dute horren garrantzia.






Hona hemen liburuei buruzko hainbat pertsonai ospetsu batzuren zitak partekatzen dizkizuegu. Baina erronka bat proposatzen dizuegu, bilatu zuen gustuko bat eta iruzkinetan utzi. Ez ahaztu idazlearen izena idazteaz. Ziur esaldi politak suertatzen direla!! Eutsi goiari! 

2016(e)ko apirilaren 20(a), asteazkena

ZORIONAK JOSEBA!

Hurrengo irudian sakatuz gero, pasa den igandean El Correo egunkarian Josebari egindako omenaldiaren berrira eramango zaituzte. Polita, hunkigarria eta merezita! Zorionak Joseba betiko jolasak berreskuratzeko egindako lanagatik!!

Gora Jolasa!!



2016(e)ko apirilaren 14(a), osteguna

SIRIA ETA GEHIAGO...

Kaixo neska-mutilok!

Gaurko sarrera pasa den ostiraleko lanarekin lotuta dago. Lan bikaina egin zenuten baina arazo horretaz jantzita egoteko hainbat informazio bildu dizuegu.

Lehenik eta behin luzatu nahi dizuegu Barakaldo Digital blogeko albistea, hurrengo irudian sakatuz, hara bideratuko zaituzte.


Gaurko gaia zertan datzan azaltzeko, arazoa oso argi adierazten duen hitzik gabeko bideo bat doakizue hemen:




Oraindik oso argi geratu ez bazaizue, Diario de Navarra web orrialdean topatutako ipuinarekin argiago geratuko zaizuelakoan gaude, hona hemen: 
- Abuelito, ¿qué es un refugiado?
- Vaya, qué gran pregunta pero qué difícil respuesta. Esa palabra no alberga más que sufrimiento y dolor, muy difícil de aliviar…

- ¿Un refugiado sufre? ¿Como yo cuando lloro porque mi hermano me molesta…?

- No, mucho peor. Un refugiado es una persona que tiene que dejar su casa, su país y todo lo que hace a diario, porque en su país están en guerra y busca un lugar seguro en otro país, con otro idioma y quizá diferente cultura donde poder empezar una nueva vida.

- Y si salen de sus país, ¿dejan su colegio, sus amigos, su familia y todo lo que tienen?

- Sí, y a veces tienen que caminar muchos días o viajar en barcas en malas condiciones huyendo de un lugar en el que viven con miedo, tienen necesidades y pasan hambre.

- Abuelo, ¿por qué sabes qué les pasa si esos países están tan lejos?

- Porque yo también me sentí como un refugiado. Mi hermano murió en la guerra y yo sufrí la posguerra. ¿Quieres que te cuente qué pasó en 1936?

- Sí, cuéntame…

- Te contaré, porque tú eres parte de esa historia, debes conocerla para que decidas cómo quieres vivir, si haciendo bien a las personas que sufren o cerrar los ojos y no implicarte socialmente…

- Y ¿yo puedo hacer algo?

- Claro que sí, todos podemos hacer algo por pequeño que sea.

- Abuelo, no quiero que haya refugiados en el mundo.

- Yo tampoco, hijo, cuando se acaben las guerras, ya no los habrá.

Inork izan al du aitona-amonengandik edo birraitona-birramonengandik gerra garaiko istorioak entzuteko aukera aparta izan? Ahal baduzue, galdetu, baina tentuz, askotan mina egiten baitu horrelako istoriak gogora ekartzea...

Aukerarik ez duzuenontzat, umea izan zenean gerra bizi izan zuen lekuko baten istorioa luzatzen dizuegu hemen:



Hitzik gabe eta oilo-ipurdi geratu zaretelakoan gaude... Gaiaren ildoa berreskuratuz, oraindik ere zalantzarik balego siriar gatazkari buruz, hurrengo istorioak agerian uzten ditu balizko zalantzak. Adi egon!




Hau bideoa ikusi ostean, jarri siriar umeen zapatetan eta pentsa ezazue nola sentitzen den zeuen adineko ume bat egunak eta gauak ematen dituenean gatazkarik ez dagoen herrialde batera ihes egiten duen bitartean. Bidezkoa al da? Gauza handirik ezin da egin, baina geure esku egon dena egin dugu eta harro sentitu behar duzue horregatik.

Amaitzeko Sajaren irakaspen ederrarekin itxiko dugu sarrera hau baina pentsakor gera zaitezten eta daukazuena gehiago balora dezazuen espero dugu, batez ere askotan aprobetxatzen ez duzuen ikasteko aukera paregabea...



Asteburu ona izan!!

2016(e)ko apirilaren 10(a), igandea

LAN BIKAINA 6M!!

Kaixo koadrila!!

Hona hemen ostiralean egindako aparteko lanaren bideoa. Eskerrik asko zuen solidaritate, bihozberatasun eta jarrera ona aurkezteagatik eta laguntza eskuzabaltasunez emateagatik. Primeran egin zenuten!! Zorionak neska-mutilok!!



Jarraian arduratu ziren gurasoek bidalitako argazkiak, merkantzia guztia biltegian utzita!





Txalo bero-beroa guztiontzat!!

2016(e)ko apirilaren 8(a), ostirala

NOLAKO LAGUNTZA EMAN ETA JASO?

Kaixo guztioi:

Ezer ikusi baino lehen, galdera bat botako dizuegu: zuen ustez, inportantea da besteek esaten digutena kontuan izatea geure ekintzak aurrera eramateko? Erantzun beldur barik, ez da erantzun zuzenik egongo mometuz, zeuen iritzia baino ez da eta guztiak, ondo arrazoituak, baliogarriak izanen dira.

Eztabaida ostean, ikus dezagun hurrengo bideoa, ea iritzia aldatzen duzuen... edo ez!! Batek daki!!




Zer uste duzue orain? Kontuan izan behar dugu besteek esandakoa egoera zail baten aurrean? Inoiz jokatu duzue kanpoan gelditu diren igelak bezala? Hau da, inoiz desanimatu duzue norbait pentsatu duzuelako ez zela gai izango zerbait egiteko? Gorra ez den igelak desberdin jokatuz gero eta amore eman beharrean, bere indar guztiez ateratzeko ahaleginak egin izanez gero, kanpokoak are txundituago geratuko lirateke. Argi dago ikasketa ederra izan dutela kanpoko igelek, eta ziur, haiei gertatu zaien bezala, zuengan ere bai adibide honek eragina izan duela. Edo hori espero dugu behintzat!!


Hurrengo bideoaren protagonistak esku-jolas baten pertsonaiak dira, ziurrenik guztiontzat ezagunak: Harri, Orri eta Ar. Oraingoan ez dugu galderarik egingo aldez aurretik. Ikus dezagun bideoa:




Argi dago kanpoko itxuraz ezin garela fidatu. Batzuetan laguntzat izaten ditugunak ez dute erantzuten behar bezala eta, aitzitik, maiz, espero ez dugun pertsonengan altxorrik politenak topa ditzakegu eta laguntasunik politenak sor daitezke.

Baina, zer nolako lotura daukate bi bideoek? Guk ikusitakoa plazaratuko dizuegu, baina ziur gaude zeuei besteren bat ere bai bururatuko zaizuela. Animatu zaitezte elkarbanatzen!

Askotan guk bakarrik ezin diegu egoera zailei aurre egin, baina besteen laguntzarekin dena izaten da posible, are gehiago besteak gugan sinesten dutela sentitzen badugu, igeltxo gorrari gertatu zaion moduan (nahiz eta egoera horretako errealitatea beste bat izan). 

Ingurukoen laguntza eta konfidantzarekin dena izan daiteke posible! Hortaz, zeuen artean laguntza eman, mezu baikorrak adierazi ondokoak babestuta eta maitatuta senti daitezen, eta horrela egoera latzak eramangarriago bihurtuko dira.

Asteburu ona izan koadrila!

2016(e)ko martxoaren 21(a), astelehena

MARTXOAK 21

Kaixo guztioi:

Oporretan egon arren, gaur, martxoak 21, ospatzen diren bi nazioarteko egun aipagarriengatik, sarrera hau ekartzen dizuegu.

Alde batetik arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako nazioarteko eguna dugu. Tamalgarria da gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere arazo hau existitzea. Hemendik, eskua altxatzen diogu arazo larri honi eta STOP esaten diogu edozein modutako arrazakeria eta xenofobiari.


Beste aldetik, Down Sindromearen Nazioarteko eguna dugu gaur ere bai. Sindrome hau daukaten pertsonak, fisikoki desberdinak izan daitezke edota astiroago erantzuten dute baina, azken finean, gu bezalako pertsonak izaten dira eta ez daude askok uste duten bezain mugaturik. Hurrengo bideoan oso ondo irudikatzen da:

2016(e)ko martxoaren 16(a), asteazkena

EZ ZAITEZ FIDATU IKUSTEN DUZUNAZ...

Kaixo guztioi!

Bihar, martxoak 18, Alkartuko V. Iturribirari amaiera emateko, ohorezko gonbidatua izango dugu Josetxu Pedrosa. Barakaldokoa da eta kirolari paralinpikoa da. Zailtasunak, gaixotasunak eta arazoak aparte utzita, hainbat errekor edo marka ditu. Horregatik txapela emango diogu, baina bera bai txapela eranzteko modukoa!!

Bera bezala, hainbat kirolari aparta daude eta kanpoko itxuraz ez dugu fidatu behar, bestela ikusi hurrengo bideoa!!



Hitzik gabe geratu arren, gutxienez pentsaraztea espero dugu eta hemendik aurrera ez zaiteztela fidatu ikusten duzuenaz...

2016(e)ko martxoaren 8(a), asteartea

EMAKUME HISTORIKOAK

Kaixo guztioi!


Kasualitatez topatutako eskola bateko 6.mailako ikasleek sortutako lan ederra. Bertan biltzen dira Historian garrantzia izan duten emakumeak, haiei omenaldi beroa egiteko.

TAMALEZ, GURE ARTEAN DAUDE...

Kaixo guztioi:

Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna aldarrikatuko dugu Alkartu ikastolatik. Gaurko eguna, zortzia, etzanduko dugu eta infinitoa sortuko dugu, berdintasunaren infinitoa hain zuzen (= ∞). Guztion artean lortuko dugu!!

Baina ez dugu horretan bakarrik gelditu nahi, eta azken egunotan egin dugun moduan, gaur ere, hausnarketa egingo dugu. Jarraian aurkeztuko dugun gaia gainetik ikutu genuen alternatiba saioan baina sakontzea komenigarria dela uste dugu.


Zer dira mikromatxismoak? Gure egunerokotasunean jasaten eta eragiten ditugun eraso ikusezin eta baliogabetuak dira. Edonon topa ditzakegu: kalean, dendetan, tabernetan, geure etxeetan baita geure artean ere! Kontuz ibili behar dugu, horrek eragina baitauka geure bizitzengan. Batzuetan ikustezinarena egiten dugu edo pisua kendu nahi diegu... Kezkagarria benetan oraindik ere horrelakoak gertatzea!

Oraindik ez baduzue irudikatzen zehatz-mehatz zertaz ari garen, hona hemen bideo labur bat oso ondo azaltzen duena zertan dautzan eraso hauek.



Ulertu al dituzue guztiak? Ezagunak egiten zaizkizue? Gehiagorik bururatzen al zaizue? Zer deritzezue horrelako egoerei?

Komentatu nahi duzuena iruzkinetan baina, mesedez, pentsatu eta kontuan izan aztertutako adibide hauek guztion esku baitako eraso hauei aurre egitea!