2015(e)ko abenduaren 26(a), larunbata

HONA HEMEN GEURE OPARIA...

Kaixo berriro ere!

Jarraian ikusiko duzuen bideoa azkenengo egunekoa da, 6. mailako monografikoa!

 Zeuen gustukoa izatea espero dugu!

OLENTZEROREN OPARIAK

Kaixo!!

Hemen luzatzen dizkizuegu Olentzerok ekarritako jolasen azalpenak, horrela, bueltan jolasten jakingo duzue arazo barik!










2015(e)ko abenduaren 21(a), astelehena

GABONETAKO OSAGAIAK

Kaixo guztioi:

Ezin genituen klaseak amaitu Gabonei buruzko bideo bat eskuratu gabe. Arretaz irakurri, Gabonetako (eta urte osoko) osagaiak aurkitzeko, denbora bilatu (egun hauetan beharbada...) luzatutako mezu sakonez hausnartzeko eta zuen iruzkinak uzteko. Beti bezala, ongi etorriak izango dira!!





GABON ZORIONTSUAK IZAN DITZAZUEN!!!

2015(e)ko abenduaren 18(a), ostirala

BALDINTZA BARIK, LAGUNAK IZAN!

Kaixo:

Orain arte, post bakoitzean, geuk egin dugu sarrera eta eman dizkizuegu hausnarketarako klabeak. Oraingoan ez dugu horrela jokatuko, ez. Ez dugu gauza handirik aipatuko jarraian ikusiko dituzuen bideoez.

Begiak zabaldu eta arreta jarri!!






Normalean, bideoak amaitzen direnean ere, gure iritzia eman ohi dugu. Baina oraingoan ere ez dugu berdin egingo, zuei pasatzen dizuegu lekukoa eta zuek izango duzue hitza! Pitin bat laguntzeko, galdera batzuk luzatzen dizkizuegu:
- Zergatik uste duzue ekarri ditugula gaur bideo hauek? Zeren inguruan hausnartzeko?
- Lotura ikusten duzue bi bideoen artean?
- Ulertzen duzue sarreraren izenburua?
- Zeuen eguneroko bizitzarekin loturarik al dago?
- Konklusiorik atera al duzue? Zein?

2015(e)ko abenduaren 15(a), asteartea

BADATOZ GABONAK...

Kaixo!!

Azken egunotan etengabe entzuten ari garen gabon kantaren bideoa luzatzen dizuegu, etxean nahi baduzue entsaia dezazuen Josebarekin ikasitako dantza.

2015(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo guztioi:

Pasa den azaroaren 20n haurren eskubideen nazioarteko eguna ospatu zen eta horren berri eman genizuen hemen ere bai. Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen eguna ospatzen da eta sarrera hau prestatzeko materiala bilatuz, hurrengo abestia topatu dugu. Igo bolumena eta entzun arretaz!!




Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen, Nazio Batuen Erakundearen 217 A (III) ebazpentzat. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen. Wikipedian topatu ahal duzue testu osoa bere 30 eskubideekin.

Jarraian, eskubide horiek laburbiltzen duen bideoa partekatu nahi dugu zuekin, hona hemen:



Beti bezala, bideoa ikusi ondoren hainbat galdera datozkigu burura: ezagutzen zenituzten giza eskubideak? Zein da garrantzitsuena? Bakarra aukeratzeko gai izango zinateke? 

Haurren eskubideen egunean betebeharrei buruz ere luzaro mintzatu ginen, eta hemen ere bai ideia antzeko bati erreparatzen diote: besteen eskubideak errespetatu behar ditugula. Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango lirateke kontuak munduan...

Amaitzeko, gaurko egunerako bereziki zuzendutako irudi polit batekin amaiera ematen diogu gaurko post honi.



Asteburu ona izan dezazuen!!

2015(e)ko azaroaren 27(a), ostirala

MAISU-MAISTREN EGUNA

Kaixo guztioi:

Jai eguna izan arren, denbora ateratzea post hau idazteko merezi du. Ez "autozoriontzeko" bakarrik, baizik eta eskerrak emateko geure bizitzan izan ditugun maisu eta andereño berezi horiei, lagundu, animatu, maite... gaituztenak, ikasi dugunengandik, miresten ditugunak, geure bihotzean leku berezia dutenak. Aintzinakoak zein gaurkoak, guk geuk ere geure lankideengandik ere ikasten dugulako...

Ziur naiz askotan pentsatuko duzuela zuek izorratzeko gaudela hemen. Edo bakarrik matematika, hizkuntza, gizarte, natura... irakasteko. Ba... oker baino okerrago zaudete!! Beste gauza garrantzitsu asko ere egiten ditugu egunero zuekin. Ea bideo hauek laguntzen zaituzteten asmatzen zer...









Argiago ikusten duzue orain? Beti bezala, azal dezakezue iruzkinetan!!

Erronkatxo batekin amaituko dugu: norbaitek al daki egun honen jatorria? Ikertu eta azaldu iruzkinetan ere bai!!

2015(e)ko azaroaren 25(a), asteazkena

A25

Kaixo!

Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Telebistako eta egunkarietako albisteetan oilo-ipurdia jartzen diguten datu ikaragarriak entzungo ditugu indarkeri mota honi buruz. Baina ez dugu horrekin bakarrik gelditu behar. Urrunago joan nahi dugu, horregatik egun honetaz apur bat gehiago jakiteko eta horri buruz pentsarazteko prestatu dugu gaurko sarrera.

Zergatik egun hau? Dominikar Errepublikan 1960ko azaroaren 25ean, Trujillo diktadoreak, Mirabal ahizpak (Minerva, Patria eta María Teresa) hiltzeko agindua eman zuen bere erregimenaren kontra borrakatzeagatik. Horrela, egun honetan, Mirabal ahizpei omenaldia egiten zaie.

1981ean, Bogotan (Kolonbia) Hego Ameriketako eta Karibeko Feministen Topaketan, onartu zen Dominikar Errepublikako batzordeak egindako proposamena emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako eguna ofiziala azaroak 25a izatea. Ikusten duzuenez, arazo hau ez da gaur egungoa bakarrik, aspalditik dator. Duela 34 urte sortu zen emakumeenganako indarkeriaren aurkako mugimendua, baina arazoa beti egon da nahiz eta ezkutuan izan eta inork salatu ez.

Tristea benetan horrelako egun bat leku berezia izatea geure egutegian. Ez zen existitu beharko gaur egiten den aldarrikapena. EZ! Lotsagarria eta penagarria edozein bortizkeria desagerrarazteko eskatu behar izatea... 

Gai honetan pittin bat gehiago sakontzeko eta hausnartzeko, bi bideo proposatzen dizkizuegu. 

Lehenengo honetan umeak izaten dira protagonistak. Zer erantzungo zenuke zuk zure lagun bat jotzeko agintzen badizute? Ikus ditzagun ume hauen erantzunak:





Bigarren bideo hau emakumeei zuzenduta dago, baina horrek ez ditu gizonezkoak kanpoan uzten edo baztertzen, ez! Zeuek, mutilok ere, bideoaren mezuek helarazten digutenarengandik ikaskuntza egin dezakezue. Emakumeak animatzea du helburu nagusi. 

Arretaz irakurri:




Gogoratu: izaten garena izaten garela geure burua maite behar dugu eta albokoak izaten direna izaten direla ere bai. Errespetuz joka dezagun! Baina ez bakarrik gaur egun "berezia" delako, beti baizik.

INOLAKO BORTIZKERIARIK EZ, SEKULA ERE EZ!

2015(e)ko azaroaren 22(a), igandea

ZIBA EGUNAREN BIDEOAK

Kaixo!

Hemen uzten dizuet zibaren eguneko nik egindako bideoa. Eta hurrengo loturan sakatuz gero, Josebarena ikusi ahal izango duzue. 

Zuen gustukoak izatea espero dut.

Gora ziba!

2015(e)ko azaroaren 19(a), osteguna

HAURREN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Zorionak haurrok! 

Gaur, azaroak 20, haurren eskubideen nazioarteko eguna ospatzen da. Oso egun inportantea da munduko ume guztientzat. 

1959ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak haurren eskubide unibertsalak finkatu zituen. Bere 54 artikuluek haur guztien eskubide ekonomiko, sozial, kultural, zibil eta politikoak biltzen dituzte. Bere aplikazioa Gobernuen betebeharra da, baina beste agente batzuen betebehar eta erantzukizunak ere definitzen ditu, hala nola, guraso, irakasle, osasun arloko profesional, ikerlari eta haurrenak berenak.

Hitzarmenak argi eta garbi onartzen du (18 urtetik beherako) haurrek bizitza maila egokia izateko eskubidea dutela. Eta hitzarmen hau juridikoki loteslea da, edo bestela esanda, nahitaez bete beharrekoa da. Tamalez, mundu guztian ez, Somalian eta EEBBetan izan ezik, haiek ez baitzuten hizarmena sinatu.

Jarraian, Mafaldak azalduko dizkigu zuen 10 eskubideak:



Eskubideak direla eta, haur guztiak berdinak dira baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, denetik baitaukagu, baina beste herrialdetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ume guztiei bermatzen zaizkie eskubide hauek? Hurrengo bideoa ikustean argi eta garbi geratuko zaigu erantzuna eta ziur gaude aho batez erantzun berdina emango dugula.



Zein da erantzuna? Zer deritzozue eskumako haurraren egoerari? Duela gutxi, ziba egun solidarioa izan dela eta, geure laguntza Gambiako umeei eskaini diegu urte osorako 47 gosari bermatuz. Justu al da hori? Eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea? Noren esku daude betebeharrak? Bakarrik gainerakoen esku? Uste duzue baten bat zuen esku egon daitekeela? Hurrengo bideo hau zalantzak argitzeko balioko zaizue:



Zein inportantea den eskubideak bermatuta izatea!! Baina zuen esku dagoen guztia betetzea ere oso garrantzitsua dela jabetu behar duzue.

Bukatzeko, McDonalds-en kanpaina baten harrituta utzi gaituen iragarkia uzten dizuegu:


Oso aproposa gaurko. Umeen eskubideak bermatzeko honelako ekintzak ezagutzea hunkigarria da oso.

Komentatu eta ikusi dugun guztia daukazuen zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.

Zeuen egunaz eta zorteaz gozatu!
Asteburu ona izan!

2015(e)ko azaroaren 16(a), astelehena

TOLERANTZIAREN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNEAN, BEGIA BEGI TRUK...

Kaixo guztioi:

Hau kontraesana!! Gaur bertan, tolerantziaren aldeko nazioarteko egunean, horrelako albiste txarra jaso behar: Frantziak mendekua hartu eta bonbardaketak egin ditu Sirian. Lotsagarria benetan!

Gaur dela 20 urte, UNESCOk Tolerantziari buruzko aldarrikapena ezarri zuen. Bertan adierazten da tolerantziak nazioarteko giza eskubideak eta herrien aniztasuna antzematen dituela. Antza denez, hau, munduko agintariei ahaztu egin zaie azken egunotan... Zelako eredu ematen digute? Penagarria...

Ez dakigu noraino iritsiko garen... Bitartean, ez dugu itxaropena galdu behar, hurrengo bi irudi hauetan adierazten den moduan.






2015(e)ko azaroaren 14(a), larunbata

AMODIOAREN HIRIAN, GORROTOAREN DOLUA

Kaixo guztioi,

Atzo, klasean "Mesede katea" sarrera komentatzean, ondorio argia atera genuen: zein garrantzitsua den solidaritatea, laguntza, maitasuna... partekatzea. Bart, bederatziak aldera, Parisen, amodioaren hirian, 5 atentatu gertatu ziren. Helburua: ahalik eta hildako gehien eragitea. Emaitza: 129 hildako, 192 zauritu eta horietatik erdia larri.

Hemen uzten dizuegu irudi bat eta bertan sakatuz gero, Berria egunkariaren albiste batera eramango zaituzte.




Egun beltza Europan. Beste bat. Mundu osoa hunkituta dago Parisen gertatutakoarekin, baina, tamalez, ez da horrelakorik jasaten duen leku bakarra munduan. Herenegun, Libanon izandako atentatuaren albistearekin argitu zuen eguna. 43 hildako eta 239 zauritu Estatu Islamikoaren eskutik ere bai.

Zalantza barik, mundua erotuta dago. Noiz arte horrelakorik?

Amaitu nahi dugu hizkuntza anitzetan bakea eskatzen duen irudi batekin eta mundua bakean irudikatzeko animatzen gaituen kantu ezagun batekin. Mundua bakean ezagutuko dugun itxaropena ez dugu inoiz galdu behar!


2015(e)ko azaroaren 13(a), ostirala

MESEDE KATEA

Kaixo guztioi:

Gaurko ekarpenak "Maitasuna" du izenburua, eta hainbat ideiarekin lotu dezakegu. Maitasunez eta errespetuz jokatzen badugu, jasoko ditugun erantzunak horrelakoak izango dira ere bai. Maitasuna eta jokaera onak kutsakorrak dira. Hori guztia, oso modu xarmantgarrian azaltzen da hurrengo bideoan. Ikus eta goza dezagun!!



Bideoa ikusi ondoren, ulertzen al duzue sarreraren izenburua? Zer da mesede katea? Zergatik izenburu hori? Gure ikastola edota gelako esparruan horrelako zerbait martxan jar daitekeela uste duzue? Zertan? Hobeto ibiliko ziren gauzak bihotzez eta jokaera onak izanez gero?

Bideoan agertzen diren azkenengo esaldien itzulpenarekin amaitzen dugu gaurko saioa:

"Maitasun apur bat emanez gero, zure maitasun apur bat jaso dezakezu."

"Maitatu ondokoa zeure burua bezala."

2015(e)ko azaroaren 11(a), asteazkena

11-11, 11etan

Kaixo guztioi:

Gaur, azaroak 11, Ziba eta San Martín Eguna izateaz gain, egun historikoa da. 1918ko azaroaren 11an, goizeko 11etan Compiègnen Armistizioa izenpetu zuten Aliatuek eta Alemaniar inperioak tren bateko bagoi batean Compiègnen basoan Lehen Mundu Gerrari amaiera emanez.





2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

ZIBA EGUNA 2015 - SUNU BUGA BUGA

Kaixo guztioi:

Dakizuenez, Ziba Eguna ospatzen dugu gaur. Baina gaurkoa apur bat bereziagoa solidaritatearekin lotura zuzena dagoelako. Josebaren blogean azaltzen den moduan, estatuko hainbat eskola, elkarte eta talderen artean, Sunu Buga Buga elkarteko Gambiako 47 umek ikasturte osorako gosaria izan dezaten lortu dugu guztion artean, 443 kamiseta eta 580 ziba erosten. Zoragarria!!


11etatik aurrera, urdinez jantzita, Ziba egunez gozatuko dugu Alkartu ikastolan.

ZORIONAK SAN MAMES!!

Euskara sustatzen duen Pozktibity web orrialdean berri polita aurkitu dugu eta zuekin partekatu nahi dugu: San Mamés, munduko kirol-eraikin hoberena hautatua izan da!! 

Singapurren ospatu den World Architecture Festival 2015en (Munduko Arkitektura Festibalean) munduko kirol-eraikin onenaren saria jaso du San Mamés zelaiak. Bertan, besteak beste Londreseko “London Aquatics Centre”, Sochiko “Fisht Olympic Stadium” edota Melbourneko “Margaret Court Arena” eraikinei aurrea hartu die.

Irizpide nagusiak diseinua, erosotasuna, segurtasuna, sarbideak eta eskaintzen dituen zerbitzuak izan dira, UEFAk San Mamés Eliteko Zelaitzat jotzera eraman zuten irizpide berberak, alegia.




2015(e)ko azaroaren 6(a), ostirala

TXIMELETA BELARRIAK ETA GEHIAGO

Kaixo guztioi:

Guztiok daukagu jada ikusita Tximeleta belarriak izeneko bideoa. Hala ere, berriro ikusiko dugu pitin bat gehiago sakontzeko... Bai bideoa ikustean baita beste momentu batzuetan ere, hausnarketa egin duzue eta ondorioak honelakoak izan dira: gure gizartean kanpoko itxurari ematen zaion garrantzia gehiegi dela. Zoriontsua izateko, norberak bere burua maitatzearen garrantzia ulertu beharko genukeela...

Ikusiko dugu arretaz berriro ere bideoa, ea beste ideiaren bat datorkigun burura...



Honekin lotura daukan beste bideo bat dakarkizuegu, Suediako iragarki bat hain zuzen. Ikus dezagun:




Ikusi ostean ideia asko etortzen zaizkigu burura baina zuenak jakin nahi ditugu. Horretarako galdera batzuk uzten dizkizuegu:
Zer datorkizue burura zuei?
Uste duzue txano laranja janzten duena ausarta dela?
Egingo ote zuen gauza bera bakarrik balego?
Nor da ausartaren papera jokatzen duena?
Inoiz sentitu zarete "ilegorri"?
Zelan konpondu zenuten?
Ilea tintatzen duenaren laguntza bezala jaso zenuten?
Zer deritzozue bere ekimenari?
Jokatuko zinateke berdin horrelako arazo baten aurrean?
Batzuk ez dute ezer egin, ez alde ezta kontra ere. Zer deritzozue haien jarrerari?

Beharbada galdera batzuen erantzuna ez duzue hemen guztion aurrean eman nahi. Baina badakizue elkarbanatzeko beste bide bat dagoela eta guztiz anonimoa izan daiteke. Anima zaitezte eta idatzi iruzkinak!!

Hona hemen gure ondorioa: oso erraza da besteei min egitea. Oso poteretsuak senti gaitezke. Besteak baino hobeak garela pentsa dezakegu. Baina, geure bizitzan aurrera joan ahala, konturatuko gara guztiz kontrakoa dela. Poteretsuagoa, hobea, zoriontsuagoa eta maitatuagoa sentitzen da besteak zaintzen dituena.

Zein da zuen ondorioa edo hausnarketa?

2015(e)ko azaroaren 5(a), osteguna

EZ DA MAGIA, HAU ZIENTZIA DA!!

Aste honetan Zientzia-Astea antolatzen du EHU-k eta horrekin batera, jarduera asko egongo dira EAEko hiriburuetan. Ikastolatik, batean hartu dugu parte gaur bertan Bilboko Bizkaia Aretora joaten, baina asteburuan ere hainbat ekintza daude antolatuta. Besteak beste, Jon Kepa Eureka zientzilaria, berriro ere, Zientzia Astean. Oraingoan ere zientzia ikuskizun berezia eskainiko du. Denetera, 20 esperimentu prestatu ditu, eta agian baten bat gehiago, 0tik 100 urtera bitarteko neska-mutilentzako. Etxean topa daitezkeen materialak erabiltzen ditu, lortzeko errazak. Behar-beharrezkoa da parte hartzea. Benetan gomendagarria!!

Lekua: Bizkaia Aretoa
Eguna eta ordua: azaroak 7, 18:00etan (euskaraz); azaroak 8, 12:00etan (gaztelania)
Iraupena: 60 minutu
Parte-hartzaileak: leku guztiak bete arte
Adina: umeak
Hizkuntza: euskara/gaztelania

Ekintza gehiagotarako informazioa hemen sakatu.



2015(e)ko urriaren 30(a), ostirala

LANBIDEAK

Kaixo guztioi:

Berriro ere hemen gaude hausnarketa egitego prest. Aste honetako gaia eta egoera, tamalez, modan dago aspalditik, gaur egun dirau, eta familia askok jasan behar du. Sergioren aitak ez du bakarrik langabeziari buruz berba egiten, esaten dituen hitzak oso baliotsuak dira, azaltzen baitigu zelan egin behar diegun aurre arazoei, zelako jarrera baikorra izan behar dugun bizitzan eta zein inportantea den...

Astero bezala, zerbait ikastea espero dugu.


2015(e)ko urriaren 23(a), ostirala

ARNASA HARTU...

Dakizuenez, arnasa hartzea funtzezkoa da bizi izateko, izaki bizidun guztiok egiten dugu etengabe eta konturatu gabe. Natura arloaren gaia da, baina ez gara ildo horretatik joango, ez dugu bizi funtziotzat hartuko oraingoan. Hurrengo bideoan ikusiko duguna funtzezkoa dela uste dugu, arnasketa mota desberdinak daude, horretan datza gaurko bideoak. Ezagutzen al duzue arnasketa motaren bat? Zertarako erabil dezakegu arnasa hartzeaz aparte?

Ikus dezagun bideoa, ea galdera hauen erantzunak aukitzen ditugun...



Beti bezala, bideoa ikusi ondoren, hausnarketarako hainbat galdera datozkigu burura:

Inoiz sentitu zarete ume hauek deskribatzen duten moduan?
Umeen arazoa al da edo uste duzue nagusioi ere gertatzen zaigula berdina?
Bakarrik balio dute aholku hauek haserre gaudenerako? Bururatzen al zaizu noiz gehiago hartu behar dugun arnasa lasaitzeko?

Eta zuk, zer egiten duzu? Arnasa hartzen duzu zeure emozioak kontrolatzeko? Elkarbanatu nahi duzu gurekin zure trikimailua? Ez bazara ausartzen guztion aurrean adierazten, ez da ezer gertatzen baina aberasgarria oso izango litzateke iruzkin batean idatziz gero!!! Eskerrik asko aldez aurretik.

2015(e)ko urriaren 16(a), ostirala

LORENZOREN ONTZIA

Kaixo neska-mutilok!

Gaurko bideoak ez du gure sarrerarik behar, oso argia baita. Beraz, arretaz irakurriz gero hurrengo istorioa, ziur gaude primeran ulertuko duzuela zein den mezua...

Ikus dezagun nor den Lorenzo eta zer gertatzen zaion! 




Polita dela pentsatu edo esan ondoren, hausnarketa sakona egin dezagun. Horretarako galdera sorta luzatzen dizuegu taldeka pentsa eta eztabaida dezazuen:

Zer deritzozue? Ume berezia al da Lorenzo? Uste duzue edozein izan daitekeela Lorenzo? Zergatik? Zer egin ahal dugu guk laguntzeko? Lorenzori ontzia behar bezala eramaten laguntzen diona, nor da? Irakaslea, gurasoa, laguna, edozein pertsona...?

2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

EZ UTZI INOIZ HEGAN EGITEARI

Zer esan nahi du izenburu honek gizakiok ezin badugu hegan egin?

Ikusi hurrengo bideoa eta arretaz irakurri idatzitako mezuak geroago guztion artean komentatzeko.



Eta orain? Ulertzen al duzue zer adierazi nahi dugun hitz horiekin?

Asteburu ona izan eta ez utzi inoiz hegan egiteari!!

2015(e)ko urriaren 8(a), osteguna

ZER IKUSTEN DUZU HEMEN?

Zeuen irudimena hegan egin ondoren, ikus dezagun munduko beste leku bateko eskola batean zer suertatu zuten zuek bezalako ume batzuk.



Animatzen zaituztegu neba-arrebei, lehengusu-lehengusinei, gurasoei, aitona-amonei edo lagunei egiten. Baina egin ondoren, kontaiguzue zelan atera den!!

Jarraian eskultoreekin egindako esperimentu antzeko bat luzatzen dizuegu, gauza guztiak ez ditugulako guztiok berdin ikusten konproba dezazuen. Askotan gauza arrunt batean aukera ezin ederragoak daude, gure esku dago aukera horiek ikustea eta aprobetxatzea.

2015(e)ko urriaren 2(a), ostirala

PIGMALION EFEKTUA

Ba al dakizue zer den Pigmalion efektua? Inoiz entzun duzue zerbait horretaz? Bideo honekin primeran ulertuko duzuelakoan gaude.



Zer iruditu zaizue? Ados al zaudete? Zeuen artean horrela egiten duzue? Zerbait aldatuko zenukete bideoa ikusi ostean?

Jarraian irudi batzuk jarriko ditugu, aztertu ondo:





Zer ikusirik al daukate irudietako mezuek bideoan agertu denarekin? Baikorrak ala ezkorrak al dira mezuak? Horrela jokatzen duzue zuek?

2015(e)ko irailaren 23(a), asteazkena

UDAZKENA

Gaur udazkena hasi da,joan zaigu uda eta berarekin eguzkia eta eguraldi ona... Laster hostoak erortzen hasiko dira eta, hurrengo irudian ikusten den bezala murgildu ahal izango dugu, edo bakarrik zapaldu... 



Hainbat idazlek eta musikarik omenaldiak egin dizkiote udazkenari hoberen dakiten moduan... Benito Lertxundirena luzatzen dizuegu hemen:



Google-k horrela eman dio ongi etorria udazkenari, udazkeneko ekinozioari buruz gehiagojakin nahi baduzue, irudiaren gainean sakatu.


Bitxikeriren bat topatzen baduzue, iruzkin moduan elkarbanatu ahal duzue hemen!! Baita zuen iritzia kanta edo irudiari buruz ere partekartu ahal duzue!


2015(e)ko irailaren 10(a), osteguna

ARAUAK ETA ONDORIOAK

Hona hemen lehenengo bi egunetan 6. B taldekideen artean adostutako gelako arauak eta ondorioak!! Baietz bete!!


2015(e)ko irailaren 9(a), asteazkena

ONGI ETORRIAK

Irudi honen bitartez 6. mailako ikasleei, famileei eta ikasturtean zehar gurekin parte hartuko duzuen guztioi ongi etorria emateaz gain, lanpas honetan arazoak eta iazko kontuak uzteari gonbidatzen zaituztegu. 

Aprobetxa dezagun aukera berria berriro hasteko, hazteko eta gauza txarrak ahazteko ere!!